Ikastolak eskola-segregazioaren aurrean: diagnostiko kaskarra eta arazoari heltzen ez dioten neurriak.

23/10/2018
139508173-624x322.jpg

Ikastolen Elkarteak eskola-segregazioari aurre egiteko kaleratu berri duen proposamenak bere lehentasunak argi uzteaz gain, Eskola Publikoa defendatzen dugunontzat kezkagarria da. Helduko diegu ondorengo lerroetan haren hari nagusiei:

– Ikastolen Elkarteak dio ikasle etorkinak hartu nahi dituela bere ikastetxeetan eta horretan ahaleginduko dela. Pozten gara, ia bi hamarkada joan ondoren, poztu egiten gara. Behar bada, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak kalean eta hedabideetan egin dituen etengabeko salaketak zerikusia izan du, ondo baitakigu hiritarren mobilizazioa izan dela, duela bi urte arazoa ukatzen zuen Hezkuntza Sailaren mahaiaren gainean gai lazgarri hau jarri duena.

– Dokumentu horretan egiten den segregazio-egoeraren diagnostikoa eskasa da, okerra hainbat arlotan eta “ez ikusiarena” egiteko joera duena. Antza, ikasle etorkinik ez izatearen ardura besteena da, hezkuntza administrazioarena batik bat, epez kanpo iristen diren ikasleak ikastoletara bideratzen ez dituelako. Gertatzen dena da, ikastolek apenas dutela epe barruan matrikula egin duen eta atzerritar jatorrikoa den bertako ikaslerik, gizartean gero eta ugariago den arren. Eta gertatzen dena da, baliabide ekonomiko gutxiko ikasleak ere ez daudela, orokorrean, ikastoletan. Ikastolen Elkarteak ez du aipatzen, halaber, beren ikastetxe askok urteak daramatzatela matrikula garaian beren gelak “gotortzen”, alegia, legeak agintzen duen kopurua baino ikasle gehiago onartzen (ratio legalaren gainetik), eta horrela, ez dute plaza huts bat bera ere uzten ikasturtean zehar iritsi daitezkeen ikasleak jaso ahal izateko, legeak agintzen duen moduan. Egoera horretan zaila da administraziotik ikaslerik bidaltzea. Honez gain, ikastetxe batzuek matrikulazio garaian ematen dituzten puntuek familia batzuen sarrera erraztu eta beste batzuena oztopatu egiten dute. Honetaz, guztiaz ez da Ikastolen Elkartearen testuan hitz egiten. Matrikula biziaz (ikasturtea hasita iristen direnez) baino ez dute hitz egiten. Eta guzti hau jatorri geografiko eta arrazoi ekonomikoengatiko segregazioaren zergatiei heldu gabe. Diagnostikoa kaskarra denean, zaila izaten da arazoari erantzuteko proposatutako neurriak eraginkorrak izatea.

– Ikastoletan familiek ordaindu beharreko “kuotak” edo diru-kopuruak ez zaizkio Ikastolen Elkarteari alderdi garrantzitsua iruditzen. Hartara, ez dute zalantzan jartzen kuoten sistema, ilegalak izan arren, eta legeak diru publikoarekin finantzatutako ikastetxeetan derrigorrezko hezkuntza erabat doan izan behar duela agintzen duen arren.

– Matrikula bizia kudeatzen duten Eskolatze Batzordeetan hezkuntza-eragileen parte hartze handiagoa izatea da proposatzen dituzten neurrietako bat, alegia, epez kanpo iritsi berriak diren ikasleak ikastetxeetara bidaltzen dituzten administrazioko batzordeetan. Alferrikako neurria da: umeak banatzeko irizpideak dira aldatu behar direnak (irizpide politikoak dira), eta, Hezkuntza Saila da, batez ere, legea betearazi behar duena, gorago aipatu ditugun gain-matrikularen eta kuotak kobratzearen arloen inguruan, besteak beste.

 

– Bide batez, Ikastolek finantzazio handiagoa eskatzeko aukera aprobetxatu egiten dute. 20 milioi euro itunpeko sarearentzat, ez da makala. Etorkin gehiago diru gehiagoren truke. Itunak irakaskuntzako gastuen %66a baino ez duela betetzen diote. Kopuru hori aztertu beharko litzateke; gero eta argiago dago auditoriak behar direla ondo eta zehatz ezagutzeko ikastetxe itunduen finantziazio zenbaki lausoak. Baina, boteprontoan: eskola publikoek dituzten gastu berberak al dituzte? Baten bat gehiago beharko dute izan, izan ere, argazkian esate baterako, publikoan existitzen ez diren gerenteak agertzen baitira, eta pentsatzekoa da berauek ordaintzea kuoten bidez egingo dutela.

– Urbanismoa aipatzea ere ez da ondo ulertzen, Euskal Herrian bizilekugatiko segregazioak ez baitu inondik ere dugun eskola-segregazioa justifikatzen, salbuespenak salbuespen. Auzoren edo herriren batean egon daitezkeen kopuruak ez dira urrutitik ere hurbiltzen hainbat eskoletan ematen den segregazioaren proportziora. Hemen gertatzen ari dena beste kontu bat da.

Zertan dago ados Ikastolen Elkartea Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma bezala egin ditugun proposamenekin? Ba, segregazioa egon, badagoela onartzen du, eta ikasle etorkinik gabeko ikastetxeak ere egon, badaudela. Bat dator ere, euskarazko hizkuntza-eredu bakarra behar duela gure hezkuntza-sistemak (xehetasunetan sartu gabe). Azkenik, atzerritar jatorriko ikasleen arretan udalen inplikazioa ezinbestekoa dela esatean.

Mesfidantza handia sortzen digu Ikastolen testuan aipatzen den lege horrek (pentsatzen dugu, Hezkuntza Sailak ikasturte honetan tramitatu nahi duenaz ari direla). Balizko lege hori sare kontzertatuarentzat gustukoa baldin bada ere, sare publikotik beldur gara ez ote duen finkatuko datozen urteetarako gaur egun dugun eta jendartea zatikatzen duen publiko/pribatu sistema dual hau, bere izaeragatik, segregatzaile eta baztertzailea dena. Eskola publikoa garen aldetik, aurre egingo diogu lege horri gure indar guztiekin, eta ez dira gutxi.

Eta gatozen orain benetan funtsezkoa den gaira, mamira: bada garaia publiko/pribatu sistema dual hau gainditzeko. Urteak daramatzagu esanez, birpentsatu eta bideratu behar dugula gure gizartean eskuetatik joan zaigun ez ohiko egoera hau. Eskaera egin nahi diogu Hezkuntza Sailari alde batetik publifikazio prozesu zabal eta eskuzabalak abian jartzeko eta bestetik itunpeko ikastolei, kontzertatuak izateari utzi eta publiko bihur daitezen. Modu horretan, besteak beste, sare publikoak ez dituen gastuak aurreztu eta kuotak kobratzeari utzi egin ahal izango diote. Prozesu honen ondoren, askoz ere errazagoa izango zaigu, jendarte gisa, sare erlijiosoarekin zer egin dezakegun mahai gainean jartzea eta geldirik dagoen eztabaidari ekitea, izan ere, ikastolen sarearen presentziak, errezela edo hesi bat bezalakoa baita egin beharrekoa den gogoeta honen aurrean. Zaindu eta eman diezaiogun lehentasuna publikoa denari. Denak publiko barruan gaudenean, denok hartuko dugu bere kalitatea zaintzearen ardura , elkarren arteko kezka eta ardura delako eta asko dugulako jokoan. Horren alde ari gara borrokatzen, duala izango ez den kalitatezko sistema publiko baten alde, denona eta denontzat.

Ainhoa Astigarraga

Maribel Lopez de Luzuriaga

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

 

admineskola