Eskola segregazioa eta hauteskunde-kanpaina.

15/05/2019
11-hauteskundeak.jpg

Hauteskunde-kanpainaren zurrunbiloan gaude eta gai ezberdinei buruzko iritzi politikoak agertu egin dira. Alderdi politiko guztiek erakusten dute hezkuntzarekiko interesa gizarte justuago bat eraikitzeko oinarria bezala aurkeztuz, baina hamarkadak daramatzagu hezkuntza-sistemaren kudeaketa teknokratikoa jasaten, inoiz iristen ez den bikaintasuna lortzearren, eskola eta institutu asko segregazio egoera jasanezinetara zigortzen dituena. Egia da udal hauteskundeak direla eta hezkuntza sistema Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela, baina Udalek zer esateko asko eta eragin-eremu handia dute beren ikastetxeetan gertatzen denaren inguruan.

Eskola segregazioa egongelan dugun elefante horixe izan da, beste alde batera begiratu eta existituko ez balitz bezala, ikusi nahi izan ez dena. Hortaz, itunpeko sare pribatuaren zati handi batek duen pribilegio egoera ez da zalantzan jarri orain arte. Baina Gasteizko Eskola Publikoaren aldeko Plataformak, beste eragile batzuekin batera, eskola publikoaren defentsa, hezkuntza-sistemaren pribatizazioaren salaketa eta eskola-segregazioaren auzia jarri ditu eztabaidaren erdigunean. Orain, inork ez du zalantzan jartzen eskola-segregazioa  lotuta dagoela zuzenean hezkuntza-sailek hezkuntza pribatu-itunduaren alde egin duten apustuarekin, honen ondorioz, publikoaren estigmatizazioa ekarri duena.

Egungo egoera politikoa etsigarria da. Gogoratu dezagun duela hilabete gutxi EAJk, PSEk eta PPk bat egin zutela Eusko Legebiltzarrean 17.000 sinadurek babesten zuten eskola-segregazioari aurre egiteko Herri Ekimen Legegile (HEL) bat atzera botatzeko.

Eta Euskadik hondoa jo du. Hezkuntza-sisteman, eskola-segregaziorik handiena duen Europako eskualdeetako bat gara eta, ez ahaztu, segregazioaz hitz egiten dugunean, umeen giza eskubideen urraketaz ari garela. Bada garaia ideologia neoliberalaz betetako errezeta antisozialak baztertzeko, ekitatearen eta publikoaren aldeko apustua egiten duen sistema bati ekiteko.

Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformatik hezkuntzak dituen sakoneko gaiei buruzko jarrera politiko argia eskatzen dugu, hau da: kalitatezko hezkuntza publikoa euskal hezkuntza-sistemaren ardatz egituratzailearen alde egin behar den apostuaren inguruan; eskola-segregazioaren aurrean, hezkuntza-sare ezberdinek hartu duten ardura edo ardura-ezaren inguruan (sare publikoa harro dago atzerritar jatorriko eta baliabide ekonomiko eskaseko umeak jasoz, egiten duen inklusibitate funtzioarekin); sare kontzertatuak, administrazioaren konplizitate isilarekin, ordainarazten dituen legez kanpoko kuoten inguruan; ikastetxe horiek egiten duten umeen ezkutuko aukeraketaren inguruan; edo familia asko eta askorentzat “ikastetxea aukeratzeko askatasun” delakoak dakarren  gezur mingarriaren inguruan. Azken batean, alderdi politikoei galdetu nahi diegu eskola-segregazioaren arazoa zer den haientzat, toki zehatz baten arazoa baino ez, zirkunstantziala  eta  «makillaje» geruza batekin ezkutatu daitekeena, edo errealitateak erakusten duen bezala, arazo sistemiko eta sakona. Egungo egoera aldatzeko neurri eraginkorrak proposatuko dituzten jakin nahi dugu. Argi eta garbi erantzun behar zaio galdera zehatz batzuei: zein da alderdi bakoitzak eskola-segregazioaren aurrean duen posizionamendua? Zeintzuk neurri proposatzen dituzte horri aurre egiteko? Eta, jakina, zer leku izan behar du hezkuntza publikoak hezkuntza sistemaren barruan?

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

admineskola