Magnet Proiektuak: blame the victim.

09/07/2019
victimblaming.png

Bizipen sakonez beteriko ikasturte bukaera honetako hainbat momentu gogoangarri datozkigu burura. Esate baterako, Durangoko Azokatik bueltan, hemen jaiotako, baina familia migratzailean sortutako ikasle bat honako hau esanez etorri zitzaigunekoa: “Euskaldunak ez dira gu bezalakoak; beldurra digute”; edo antzokira antzezlan bat ikustera joan eta, beste institutu bateko ikasleak aretoan sartzen ari zirela ikasle batek aipatu zuena: “Denak igualak dira” (azalaren koloreari erreferentzia eginez). Baieztapen hauek, besteak beste, eskola segregazioaren ondorioz sortutako klase-arrakalaren egiaztapen zinez krudelak iruditu zitzaizkigun. Bigarrenik, ikastetxeko ikasle talde batek, Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan aurkeztutako ikerketa lan baten ondorioz, lortutako aipamena. Honako hau, irakasle-taldearen lan bikainaren isla izan dela aitortu behar dugu. Hirugarren bat ere aipatuko dugu, Hezkuntza Sailak gure ikastetxeari Magnet proiektua eskaini zionekoa. Segregazio altua duen
ikastetxeen artean sailkatuta gaude, eta horri buelta eman nahian sortutako proiektua da aipaturiko hau.
Bizipen sakonez beteriko ikasturte bukaera honetako hainbat momentu gogoangarri datozkigu burura. Esate baterako, Durangoko Azokatik bueltan, hemen jaiotako, baina familia migratzailean sortutako ikasle bat honako hau esanez etorri zitzaigunekoa: “Euskaldunak ez dira gu bezalakoak; beldurra digute”; edo antzokira antzezlan bat ikustera joan eta, beste institutu bateko ikasleak aretoan sartzen ari zirela ikasle batek aipatu zuena: “Denak igualak dira” (azalaren koloreari erreferentzia eginez). Baieztapen hauek, besteak beste, eskola segregazioaren ondorioz sortutako klase-arrakalaren egiaztapen zinez krudelak iruditu zitzaizkigun. Bigarrenik, ikastetxeko ikasle talde batek, Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan aurkeztutako ikerketa lan baten ondorioz, lortutako aipamena. Honako hau, irakasle-taldearen lan bikainaren isla izan dela aitortu behar dugu. Hirugarren bat ere
aipatuko dugu, Hezkuntza Sailak gure ikastetxeari Magnet proiektua eskaini zionekoa. Segregazio altua duen ikastetxeen artean sailkatuta gaude, eta horri buelta eman nahian sortutako proiektua da aipaturiko hau.
Eskaintza honen bitartez, Hezkuntza Sailak berari dagokion ardura saihestu nahi duela argi ikus daiteke. Baieztapen honen zergatia azalduko dizuegu.
Hezkuntza Sailaren esanetan, Magnet proiektuaren bitartez, gure ikastetxeko segregazio egoerari buelta emango genioke gizarteko erdi-maila klaseko ikasleria ikastetxera erakarriz. Nola? Bada, Bofill Fundazio pribatuak irakasleria metodologia berrietan trebatuz, eta Gasteizen dauden instituzio eta enpresa pribatuekin aliantzak eginez. Edozein proiektu berrik sortzen duen ilusioarekin hartu genuen eta Kataluniatik zetorren informazioa biltzen hasi ginen erabakitzen eta forma ematen lagun ziezagun. Izan ere, han, dagoeneko, martxan jarria dute aipaturiko proiektu hau. “Les aliances Magnet: innovació per combatre la segregació escolar” (AAVV) Bofill Fundazioak sinatutako dokumentuan, Magnet proiektua martxan jarri duten segregatutako ikastetxeetan Hezkuntza Sailak ekintza osagarriak martxan jarri beharko lituzkeela ondorioztatzen da. Horien artean, matrikulazioa egiteko udal-bulegoak sortzea; irakasleria egonkorra ziurtatzea; azpiegiturak zaharberritzea; ikasleria ratioa txikitzea; matrikula biziaren kontrol eta blokeoa; ikasleria mota honekiko ikastetxe kontzertatuen erantzunkidetasuna; eskolek jasotzen duten dirua ikasleen beharrei lotuta egotea; prozesu guztian zehar beharrezkoa den aholkularitza; zuzendaritza eta irakasleriaren baldintzen hobekuntza…
Honelako proiektu pilotu bat aurrera eramateak esfortzu handia dakarrela jakitun, klaustroa bat eginda eta motibatuta, erronkari ekiteko prest, eta ardura handiz, aipaturiko dokumentuan azaltzen diren baldintza batzuk betetzeko eskatu genion Hezkuntza Sailari. Modu honetan proiektua modu egokian inplementatu nahi genuen: azpiegitura egokiak, proiektua martxan jartzeko bi liberazio, prestakuntza eta aholkularitza egokiak.
Hezkuntza Sailak 20 orduko prestakuntza eta urte bateko liberazioa baino ez zigun ziurtatu, nahiz eta hiru hezkuntza-etapako (haur-, lehen- eta bigarren-hezkuntza) ikastetxea izan. Gainontzeko baldintzei zegokienez, zera esan ziguten, gu ez ginela inor ezer exijitzeko. Hau da, orri txuri bat sinatzeko eskatu ziguten, hori egin ezean, ba omen zeuden proiektua bere gain hartuko zuten beste ikastetxe batzuk. Egoera honen aurrean, klaustroaren % 80ak guk sorturiko proiektu pedagogikoaren alde egin zuen eta Magnet proiektua atzera bota zuen. Erabakitze prozesuak ereduzko izaera demokratikoa izan zuen, eta honek gure ikastetxearen alde borroka egiteko dugun gaitasunean ahaldundu gintuen, duintasun eta inplikazio maila eredugarria erakutsiz. Gure etxea oinarritik eraikitzen hasiko gara, ke artean galdu gabe.
Hezkuntza Sailak garatu nahi duen Magnet proiektuaren filosofiak segregatutako ikastetxeetan jartzen du fokua, eta era merke eta gutxieneko beharrezko baldintzarik gabe, irakasleon jardunaren aldaketaren ondorioz, ikastetxeko segregazio egoera aldatuko dela alertarazi nahi du. Horrela gertatuko ez balitz, ardura ikastetxearen esku legokeela lirudike. Estrategia honek badu bere izena: ·blame the victim” (erruduna biktima da). Eusko Jaurlaritzan eta Gasteizen (hezi beharrean, segregatzen duen hiria) agintzen duten EAJ eta PSOEko buruzagiek, eskola-segregazio larria dugula onartu beharrean, eta ondorioz neurri eraginkorrak inplementatu, arduragabekeriaz jokatzen dute, egungo eskola segregazioan hezkuntza dual, publiko-pribatuak duen eragin zuzenari aurre egin beharrean.
Samaniego ikastetxe segregatuko irakasleok oso harro gaude ditugun lankide, familia eta ikasleriarekin.
Horregatik Cristina Uriarte sailburu andereari zera leporatu nahi diogu: eskola-segregazioak dakarren dramari aurre egiteko gaitasunik eza, eta duen ardura saihestea, ikerketek dioten baldintza minimoak betetzen ez dituen proiektua eskainiz. Uriarte anderea, irakasle lanean konpromezua duten langileei horrela erantzunez, harrokeria erakutsi duzula deritzogu. Ez ahaztu Paulo Freireren hitz hauek: “ Jendarteak bere buruzagiengan duen konfiantza, buruzagiek jendartearekiko duen konfiantzaren isla da”. Eta zuk hezkuntza-komunitatea osatzen dugun irakasle, familia eta ikasleriaren konfiantza galtzen bukatuko duzu, jendartean dugun altxorrik preziatuena hezkuntza-sistemaren erdigunean jarri ezean: Euskal Eskola Publikoa.

Jon Muxika Perea
Idoia Larrinaga Mandaluniz
Irati Santin Gómez
Aitor Herraiz Alvaro
Samaniego IPIko irakasleak

 

admineskola