Eskola Publikoa da Euskal Herrian behar dugun eskola
Ez dugu Hezkuntza Sistema Propiorik, burujabeak ez garelako. Horraino Fito Rodriguezekin gure adostasuna. Diagnostiko horretan bat egitea ez da gutxi. Fito Rodriguezek idatzitako gainontzeko guztia eskola publikoaren karikatura besterik ez da, inor atzean utzi gabe herrigintzan ari den hezkuntza eredu bakarra desprestigiatzeko enegarren saiakera. Eta hori da, hain zuzen ere, herri honetan askok jasan ezin dutena, aniztasuna.
Katalunia aipatzen du Fitok. Katalunian, frankismo ondorengo garaian ezkerreko indar guztiek eskola publikoaren alde egin zuten, Euskal herrian ez bezala. 1982an guraso eta langile talde batek Santa Coloma herriko Rosselló-Pòrcel eskolan murgiltze eredua ezartzea lortu zuten. Horretarako, ezkerreko indar guztiak ondoan izan zituzten. Hori izan zen gaur egun Katalunian murgiltze eredu bakarra izatearen jatorria. Euskal Herrian, aldiz, Fito Rodriguezek 40 urte geroago erabiltzen jarraitzen dituen argudioak ahotan, ikastetxe pribatuen aldeko hautua egin zuen ezkerreko sektore handi batek 80. hamarkada hasieran. Horrek euskal administrazioei hezkuntza eredu pribatua hauspotzen jarraitzeko argudioak eman zizkien, eskola publikoaren etorkizuna motzean lotuz. 90. hamarkadan, Fitok Entzutegi Nazionalarekin alderatzen dituen eskola publikoetan guraso eta langile euskaltzaleek izugarrizko bultzada eman zioten herrigintzari komunitateen parte hartzea eta euskara indartuz. Hortik aurrera, Ikastola pribatu askok D ereduko eskola publikoaren garapena mehatxu bezela ikusten hasten dira eta, oraindik ere, horrela ikusten dute.
Horren adibide dira, adibidez, Gasteizko 2014-2015 ikasturtean Gasteizko zonifikazioa moldatu zenean, ikastetxe horien alegazioak: «Publikorako bultzada ematen da D ereduan, Armentia Ikastolaren hezkuntza proiektuari bidea moztuz» edo «Eskola Publikorako ezarritako irizpideek ez dute baliorik itunpeko ikastolentzat, guraso eta familiei ikastetxe aukeraketarako ditugun eskubideak urratzen baitira». Olabideko alegazioek zera zioten: «Bi zonifikazio proposatzen ditugu. Bata publikarako eta bestea pribatuentzako, ez dute zer ikusirik zeri erantzuten dioten batak eta besteak». Eta azken horretan dago gakoa. Fitok iraintzen duen hezkuntza ereduak aukera berdintasuna eta jendarte kohesionatu bat defendatzen duen bitartean, besteak eredu klasista eta sarritan, etnozentrista indartzen duela.
Frankismoaren oinordeko omen da eskola publikoa. Horretan ere kale egin du Fitok. Frankismoaren hezkuntza eredua, frankismoaren ondare nagusienetako bat, hezkuntza itunek babestu zuten, eta horren itzalpean bilatu dute babesa beste ikastetxe itundu guztiek. Harrezkero, Fridmanen hezkuntza eredu kapitalistak ere hezkuntza itunetan izan du indargune nagusia, ikastetxe itunduak, guztiak, izan baitira sistemen desarautzearen alde egin dutenak, hezkuntza sistema lehiakorrak hauspotu dituztenak eta estratifikazio sozialaren oinarri izan direnak. Gure hezkuntza sistema dugu horren paradigma garbia.
Eredu neoliberalaren marko horretan garatu da Kataluniako eztabaida «publikotasunaren» inguruan. «Kataluinako hezkuntza Zerbitzua» administrazioak eskaintzen duen hezkuntza menua da jada. Ikastetxe publikoz zein pribatuz osatutako menua. Ez dago Fito Rodriguezek aipatzen duen «publikotasunaren» inguruko eztabaidarik. Oinarrian ematen ari den eztabaida beste bat da, azken hamarkadetako berbera: Nola jarraituko dugu hezkuntza pribatizatzen?
Katalunian Hezkuntza ez da jadanik administrazioak bermatu beharreko oinarrizko eskubide bat (El sistema educatiu de Catalunya comprèn el servei públic educatiu que ha de permetre que tots els centres sostinguts amb fons públics, que conformen centres públics i centres privats concertats.Llei 12/2009, del 10 de juliol, d’educació). EAEn ere eman dira pausuak norabide horretan. Heziberrin EAJak 2015ko dekretuetan jaso bezala: «Eskubide hori, alde batetik, hezkuntza-administrazioak bermatzen du, ikastetxe publikoen titular den heinean, hezkuntzarako eskubide unibertsalaren agindua bete behar baitu; eta, bestetik, ekimen sozialak, itunpeko ikastetxe pribatuen titular gisa». Guztiok omen gara zerbitzu Publiko. Hori da frankisten, Fridmanen eta beste askoren eredua, baita estatu frantsesaren eta espainolarena ere, herritar guztien hezkuntza eskubidea bermatzen duen eskola publiko parte hartzaile, euskaldun eta demokratikoa hondoratu nahi dutenena.
Gure hezkuntza sistemaren beharren inguruko gogoeta eskola publikoa erasotzean oinarritu du Fito Rodriguezek, proposamenik egin gabe, jakin badakielako estatuen menpekotasunetik aldentzen den alternatibarik ez dagoela gaur egun. Badaki, edo ez , auskalo, ikasmaterial guztiek Madrilgo goi ikuskaritzaren oniritzia dutela, guztiek betetzen dituztela LOMCEren eskakizunak. Baina publikoa ipini du jomugan, berriro ere, denona eta denontzat den hori; LOMCEri aurre egitea erabaki zuena, Katalunian Escolas Obertes pel Referéndum ekimenaren sustatzaile izan zirenen eredua. USTEC sindikatuko kide eta eskola publikoaren defendatzaile sutsu den Ramón Font kideak birritan joan behar izan du Entzutegi Nazionalera. Azaldu diezaiola Fito Rodriguezek eskola publikoaren eta Entzutegi Nazionalaren parekatze hori Ramon Fonti. Eraso antzua, doakoa eta milaka familia, langile eta militantek eraikitako hezkuntza publikoa suntsitzea helburu duena.