2020 urtea zerbitzu publikoen garrantziaren aldarriarekin bukatu genuen,hau da, argi geratu zitzaigun osasun publiko sendo eta kalitatezkoa behar beharrezkoa dela gure herriaren ongizaterako . Bilboko euskal eskola publikoaren aldeko plataformako kideok hortik haratago joan nahi dugu: hezkuntza publiko sendo eta kalitatezkoa badugu, eta horretaz harro gaudela ozen eta argi adierazi nahi dugu.
Bilboko eskolek gertutasuneko hezkuntza publiko euskalduna eskaintzen dute. Gure seme-alaben egunerokotasunean sortzen diren premiak, beharrak… eskolan bertan, arratsaldeko 16:30ean eskolako atean jasotzen ditugunean, irakaslearekin komentatzeko eta argitzeko aukera izateak ez du preziorik. Gure seme-alabak auzoko plazan eskolako lagunekin solasaldian eta jolasean ibiltzea, asteburuetan kalera joan eta lagunak topatzea, eskolako komunitate osoa ezagutzea eta parte hartzeko aukera izatea… honek guztiak ere ez du preziorik. Gertutasuneko eskolen alde egiten dugunean, hezkuntzan, bizi kalitatean eta umeen ongizatean inbertitzen dugu.
Gertutasuna kalitatea da, baina zer da kalitatea? Kalitateak ez dauka zer ikusirik edukiak irenstearekin eta hauek behin eta berriro errepikatzearekin. Hezkuntza kalitatea gure gizarte berri eta anitzean murgiltzeko erremintaz hornitzea da eta hori da hain zuzen ere euskal eskola publikoak eskaintzen duena: auzoko errealitate anitz eta hezkuntza komunitate inplikatu batetik abiatuta, norbanako GUZTIEI hezkuntza duin eta aukera berdinasuna ematen die.
Guztiok gara euskal eskola publikoa eta zure auzoa dena dela, zain gaituzu, ateak irekita, daukagun onena eskaintzeko prest, zu ere euskal eskola publikoaz harro egon zaitezen.
Itsaso Gabiria, BEEP (Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataforma)