Aitor Mendiak honako hau idatzi du BERRIAn argitaratuko iritzi artikulu batean: «Titulartasunak bere horretan segregazioa ez lukeela amaituko kontuan izanda, are antzuagoa bilakatzen du eztabaida. Segregazioa fenomeno konplexua eta multidimentsionala izanik, titulartasunak ez ezik beste zenbait faktorek ere eragiten dute». Horren harira gogoeta batzuk egin nahiko nituzke.
Eskola segregazioa EAEn dugun arazo larrienetako bat da. Gure haur eta gazteak beren jatorri eta egoera sozioekonomikoaren arabera sailkatzen ditugu eta Europa osoko herrialde baztertzaileenetakoa gara. Aldiz, hamarkadaz hamarkada gizartearen zati handi batek eta alderdi politiko guztiek beste aldera begiratu dute, jakin bazekitelako egoerari aurre egiteak herritar asko pribilegio egoeretatik jaistera behartuko zituela.
Eskola segregazioak arrazoi ugari ditu, eta, aurre egiteko beharrezko neurri guztiak hartuta ere, gaur egun baztertzaileak diren ikastetxeek denbora asko beharko lukete kokatuta dauden inguruko aniztasuna jasotzeko. Aitor Mendiak arrazoi du horretan. Esperientziak erakutsi digu hori.
Baina bada eskola segregazioren inguruko ikerketa guztiek bazterkeriaren oinarrian jartzen duten arrazoi bat: pribatizazioa. Dozenaka aipamen aurki ditzakegu, baina EAEko akordio politikoaren sinatzaileentzat erreferente izan diren Kataluniako ereduan oinarritutako Adrian Zancajo eta Xabier Bonalen Elección de escuela, movilidad y segregación escolar del alumnado vulnerable ikerketaren azken ondorioa hau izan zen: «Argi dirudi egungoa bezalako sistema bati eustea, hezkuntza-merkatu desorekatuan eskola aukeratzeko marjina nabarmenak dituena eta kontzertatutako ikastetxe pribatuen presentzia handia duena, ez dela aukera ona hezkuntza-ekitatearen ikuspegitik».
Titulartasunak, berez, ez du ezer bermatzen, hala da. Katalunia bera da adibide garbiena, non ikastetxeen autonomiaren indartzearen ondorioz eskola publiko segregatzaile ugari aurki ditzakegun. Aldiz, ezinbesteko baldintza da eskola publiko demokratikoz osatutako sare hegemoniko bat izatea hezkuntza sistema inklusibo eta demokratiko bat izateko.
Aitor Mendiak, aldiz, titulartasunaren gaia segregazioaren eztabaidatik ateratzeko eskatzen digu: «Titulartasunaren gaian tematzeak, beraz, funtsik gabea izateaz gain, bestela ados gauden helburuei ez erreparatzea dakar. Honenbestez, euskal hezkuntza-sistemaren inguruan eztabaidatu eta proposamenak egiterako garaian, helburuak argi izan behar genituzke». Beraz, Mendiaren ustez, titulartasunaren eztabaida funtsik gabea eta antzua da segregazioaz hitz egitean gure artean ados jartzen ez garelako. Horra hor EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko doktoregai baten gogoeta.
Jakina, adostasuna desiragarria litzateke, baina adostasunik eta akordiorik ezean gobernuak berdin-berdin egin beharko lioke aurre eskola segregazioari, hori baita bere betebeharra. Eginkizun horretarako, segregazioa eragiten duten faktore guztiak izan beharko lituzke kontuan, baina batez ere, titulartasun pribatuko ikastetxeen gehiegizko eskaintza. Gogoeta hau eskola segregazioaren inguruko ikerketa guztiek berresten dute.
Titulartasunak eskola segregazioaren oinarrian dauden gako ia guztiak baldintzatzen ditu: familien ikastetxea aukeratzeko eskubide faltsua, administrazioak egiten duen plazen eskaintza, hezkuntza-plangintza, eskola mapa, hizkuntza ereduen eskaintza, ikasleen onarpena, langileen kontratazioa, doako hezkuntza jasotzeko eskubidea, haurren ibilbide akademikoa… Den-dena baldintzatzen du, halabeharrez.
Ikastetxe pribatuek, batzuek eta besteek, sistemaren desarautzea bilatzen dute beren onurarako, eta diru publikoz hornitutako gainontzeko ikastetxeek egiten duten eskaintzatik bereizteko aukera eta eskubidea dute, titulartasuna pribatua delako: eskola-ordu gehiago eskaintzeko aukera da adibide garbienetakoa. Eskubide osoa dute nahi beste eskola-ordu eskaintzeko, administrazioak ez du zer esanik, ezin du mugatu. Baina, aldi berean, gehiegizko eskaintza horrek doako hezkuntzarako eskubidea urratzen du. Horra hor, titulartasun pribatuko ikastetxe batek bere izaera pribatu hori baliatuz gobernuek ekidin ezin duten segregazio iturrietako bat. Berdin gertatzen da langileen edo bestelako zerbitzu gehigarrien kontratazioekin. Gobernuak ez du eskumenik ikastetxe horien autonomia delakoan eragiteko, bereak ez direlako, titulartasun pribatua dutelako. Horiek guztiak titulartasunak baldintzatzen dituen eta segregazioan zuzen-zuzenean eragiten duten gakoak dira, ikastetxe pribatuek familia eredu bat hautatzeko erremintak. Begi-bistakoa da ez duela familiak ikastetxea aukeratzen, ikastetxeak familia baizik.
Adostasunak desiragarriak dira, bai, eta horretarako deia luzatu dute sarritan eskola publikoaren alde eta eskola segregazioaren aurka azken hamarkadan buru-belarri aritu diren eragileek. Baina eskola segregazioari aurre egiteko, ezinbestekoa da eskola publiko demokratikoz osatutako hezkuntza sare hegemoniko bat eratzeko eta eskaintza pribatua murrizteko pausoak zehaztea; egungo sistemaren desarautzea murriztu eta ikastetxeen arauak bateratzea (ikasleen onarpenari, ibilbide akademikoari, kontratazioei, eskola orduei eta hizkuntzen ereduen eskaintzari dagokienez, batez ere); eta publifikazio prozesuak nola emango diren arautzea. Eremu horietan gobernuak badu zer esan; baina klase politikoaren borondate faltak batzuetan, eta ausardia ezak besteetan, haur eta ikasleen bazterkeria muturrera eraman dute.
Aitor Idigoras (Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma)