Cristina Uriarte Hezkuntza Salburuari gutun irekia.

05/06/2018
eskolapub2.png

Joan den maiatzaren 25ean, ostiralarekin, Euskal Eskola Publikoko milaka familia, irakasle eta ume, 60 eragile baino gehiagoko babesarekin (GKEak, alderdi politikoak eta sindikatuak), kalera atera ginen denona eta denontzako eskola aldarrikatzeko, eta dugun eskola-segregazioa eta gai honen aurrean Eusko Jaurlaritzaren ekimen-falta salatzeko. Deialdia Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak egin zuen, bertatik bi urte luze daramagula hezkuntza sistema inklusiboa, laikoa, euskalduna, abegikorra eta ez segregatzailea eskatuz. Gure mobilizazioa baino aste gutxi batzuk lehenago, Save the children erakundeak “Mézclate conmigo” delako txostena argitara eman eta Euskadiri zegokion eranskinean baieztatzen zuen gure autonomia-erkidegoan “eskola-segregazio maila… areagotu egin dela azken urteotan”, eta, gaur egun Euskadiko ikasleen %40ak eskola-ghettoetan ikasten duela (horietatik, 10etik 9 ikastetxe publikoak dira). Azkenik, maiatzaren 30ean, ostegunarekin, Eskola Inklusiboaren aldeko Herri-Ekimen Legegileak (HEL-ILP) 17.000 sinadura baino gehiago aurkeztu zituen Gasteizko Legebiltzarrean, eskola-eredu inklusibo eta ez-segregatzaile baten aldeko legeria eta araudia indarrean jarri daitezen, gure Plataformatik eskatzen dugun ildo beretik.
Bi urte hauetan eskatzen ari garena (eta gero eta gizarte eragile gehiago bat egiten du gurekin), eskola-segregazioari irtenbidea emateko berehalako neurriak dira, bai jatorriagatik eta maila sozio-ekonomikoagatik nola hezkuntza behar bereziengatik sortutakoa. Neurriak hauexek dira: 1) eskoletan izena emateko udal bulego bakarrak sortu, familia guztiei beharreko informazioa eman eta egun dauden, ikastetxe kontzertatuetan batez ere, hainbat ezkutuko aukeratze sistemak saihesteko, atzerritar jatorrizko edo maila sozioekonomiko baxuko familien ikasleak bereizteko balio dutenak;
2) legeak agintzen duen bezala, diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztien benetako doakotasuna bermatzea, kontu jakina baita, ikastetxe kontzertatuetan diru-kuotak kobratzeak familiak aukeratzeko eta segregaziorako mekanismo larria eta ilegala bihurtzen dela; 3) aurrekoaren haritik, hezkuntza-itunen orokortzearen politikarekin amaitzea (kontzertazioa eskatzen duen ikastetxe pribatu guzti guztiei eman zaiona), eta hezkuntza-itunak lotzea ikastetxeek inguruan duten egoera sozialari ematen dioten erantzunarekin (arrazoi berberagatik eskatzen dugu hezkuntza-egitasmo elitista eta segregatzaileak diru publikoarekin finantzatzen ez jarraitzea); 4) heziketa laikoa jasotzeko eskubidea bermatzea hezkuntza-sare guztietan; 5) segregazio egoeretan dauden ikastetxeentzat egitasmo bereziak abiarazi, epe laburrean egoerari buelta eman ahal izateko; 6) gaur egun eskola publikoak ez dituen azpiegituraz eta giza baliabide nahikoez hornitzea.

Ezin dugu pentsatu, sailburu andrea, ez dituzula aurreko eskariak ezagutzen. Ahots gehiegi gara, leku askotakoak, eta argudio sendo gehiegirekin, oraindik arazoaz ez ohartzeko. Jakinaren gainean zaude eta jakinaren gainean zinen. Esate baterako, joan den urteko Ikasle etorkinei arreta emateko II. Plan partzial eta eskas hartan, Eusko Jaurlaritzak, zegoeneko, “gardentasuna hobetzea eta eskaintza orekatzea, ikasleak onartzeko ohiko prozesuan” esaten zuen. Horretarako, eskoletan izena emateko guk eskatzen dugun bezalako udal bulego bakarrak ezartzearen balorazioaren beharra onartzen zen, Orduan, eta sistema segregatzaile eta gero eta segregatuagoa islatzen duten estatistika lazgarriak ikusita (Gasteizen, kasurako, ikasle etorkinen %92a haur eta lehen hezkuntzan sare publikoan dago) ¿ez al duzu uste, Uriarte andrea, garaia dela “baloratzeari” uzteko -hala egiten ari bazarete, guk ez dakigula- eta delako bulego bakar hori berehalaxe ezartzeko?

Ikasle etorkinei arreta emateko II. Plan hartantxe, zure gobernuak aitortzen zuen Euskadin badaudela “etorkinen ehuneko handia duten ikastetxeak, kopuru txikia duten beste batzuekin alderatuta”, alegia, ikasleen egungo banaketak ikasle etorkinen kontzentrazio artifizialak ekarri dituela hainbat eskoletan, eta, ondorioz, portzentaje oso txikia besteetan. Orduan, ez al duzu uste Uriarte anderea, arrazoi pixka bat badugula bazter guztietatik esaten dugunean aurre egin behar zaiola areagotu baino egiten ez den egoera honi, eta erronka handi hau gure gain hartu behar dela nahi dugun gizartea eraikitzeko? Ezin da gutxietsi gai honen larritasuna; zeure gobernuak II. Plan hartan hau ere onartzen zuen “Zenbait ikastetxetan, ikasle etorkinak eskolatzeak ardura eragiten du irakasle eta familien artean, hautematen baitute egoera horrek ikasturtea behar bezala aurrera eramatea eragotziko duela”, alegia, onartu egiten zuen ikastetxe batzuetako arrazismo eta/edo klasismo estalia, ikasle etorkinen etorreraren kontra aurrez jarrerak sortzen dituena.
Zeure gobernuak berak arrazismo eta klasismo estali honen kontra borrokatzeko garrantzia onartzeko urratsa eman zuen aipatutako …II. Plana delakoan, ondoko hau esatean “elkarrekiko ezagutza izaten da aurreiritzi eta jarrera arrazisten kontrako antidoto onena, asmo oneko kultura arteko programa eta proiektuekin ordezkatzea zaila den eguneroko harreman eta elkarbizitza hori”. Bada, Sailburu andrea, ondotxo dakizunez, zure gobernuak goraipatzen duen eguneroko elkarbizitza hori ezeztatua izan da hainbat ikastetxeetan, kontzertatuak gehienak, homogeneotasun artifizialen ordainean, bertako populazio pribilegiatuenarekin osatuak, normalean. Eta badakizu ere, homogeneotasun horiek gotortu egiten dira, besteak beste, ilegalak diren diru-kuotak kobratzearekin, zure gobernuak oztopatzeko edo, are gutxiago zigortzeko, ezer egin ez duela (hortik gure eskarietako bat).
Zer iritzi daukazu aurreko guztiaz? Eta nola egingo diozu aurre? Jarraituko al du zure gobernuak beste aldera begira ikastetxe kontzertatuak kuota ilegalak kobratzen segitzen duten bitartean? Jarraitu al duzu kontzertazioa eskatzeko atzamarra altxatzen duen edonori diru publikoa ematen, bere hezkuntza-egitasmoa arduragabea edo elkartasunaren kontrakoa izan ala ez? Jarraituko al duzu baloratzen munduaren akaberara arte eskoletan izena emateko udal bulego bakarraren ezarpena? Jarraituko al duzu, azken finean, publiko-kontzertatu sistema dualari eusten, segregazio gero eta handiagoa dela medio bi abiadurako sistema bihurtzen ari dena egunetik egunera? Esan nahi baita, jarraituko al duzu sistema honen alde, zeinean klase, etnia edo jatorriaren pribilejioak dutenek sare kontzertatuaren kolore bakarreko peajea ordaintzen duten, pribilejio horiek ez dituztenak eskola publikora doazen bitartean? (eta esan dezagun ozen, garbi eta harro! hartuko eta babestuko ditu eta jarraituko ditu hartzen eta babesten besoak ondo zabalik)
Sinetsi nahi dugu ulertzen duzula, Uriarte anderea, kontua ez dela eskola jakin batzuei diru-laguntzak ematea, guztiz beharrezkoak badira ere, gure beste eskari horietako batean esaten dugun bezala; ezta bazterbidean dauden ikastetxeentzat pentsatutako Hamaika Esku bezalako egitasmoak hobetzea ere, egitasmo honi buelta bat ematearekin eskola-segregazioari irtenbidea emateko nahikoa izango balitz bezala. Kontua da bizi garen gizartea eta bizi nahi dugun gizartea, gure seme-alabek jolasten duten parkeak eta haiek jolastea nahi ditugun parkeak; kontua da errenta altuko, ertaineko, baxuko edo urriko jende beltzarekin, marroiarekin edo arrosarekin partekatzen ditugun kaleak, eta partekatzen jarraitu nahi ditugun kaleak; kontua da onartzea gizartea denon artean eraikitzen dugula eta, inor atzean gelditzen bada, gizarte osoa da atzean gelditzen dena, zu zeu barne, Uriarte anderea.

Matías Cordero Arce
Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

admineskola