Mozorroak lurrera: EAJ eta PSEk ez dute eskola segregazioaz eztabaidatuko.

01/10/2018
ILPZubiakEraikiz.jpg

EAJ eta PSEk osatzen duten Eusko Jaurlaritzak, Zubiak Eraikiz plataformak bultzatu eta   17.000 herritar baino gehiagoren babesa jaso duen Herri Ekinaldi Legegilea (HEL) tramitatzearekin desadostasuna adierazi berri du. HEL honek segregazioa gutxiagotu eta hezkuntza sistema inklusiboago baterantz abiatzeko gutxieneko baldintzak sortu nahi ditu. Izan ere, gaur egun, hezkuntza behar gehien dituen ikasleria, jatorri atzerritarra eta baliabide ekonomiko gutxien dituena barne, eskola zehatz batzuetan, batez ere sare publikoan, biltzen da. Errealitate lazgarri honek gaurko arrakala soziala errepikatzeaz gain biharkoa fabrikatzen du erruz. Horregatik gizarte zibila LHEaren alde mobilizatu da, gaiari behingoz sakonki heldu diezaiogun.

Hala ere, bi alderdi horien erabakiak eragin du gaur-gaurkoz LHEa eztabaidatu ere ez dela egingo Legebiltzarrean eta herritarrek baldintzak bete eta aurkeztu ahal izateko egindako lan itzela ez dela aintzat hartuko. PSEren jarrera aldaketa harrigarria aipatzekoa da, LHEaren aurkezpenean José Antonio Pastorren presentziarekin ekimena babestu baitzuen.

Eusko Jaurlaritzak (EAJ eta PSEk) gaiari heltzeko ukoa aniztasuna, kohesioa, inklusioa, berdintasun soziala eta giza eskubideekiko errespetuaren defentsa arranditsuez justifikatu du, baina arrandia horri hipokrisia besterik ez dario. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak lasai egoteko eta LHEak heldu nahi dien arazo guztiak datorren Hezkuntza Legeari esker konponduko direla esan arren, badakigu ezin garela lasai egon segregazioaren arazoa inondik ere kontuan hartzen ez duen Akordio batean oinarritzen baita (“Hezkuntzaren aldeko Akordioa. Akordiorako oinarriak”). Datorren legeari begira zantzu ezin txarragoa da.

 Lehenengo eta behin, Akordio horrek ez du segregazioa dagoenik onartzen, eta dakigunez, izenik ez duenak izanik ez du. Halaber, eta EHIGEk (Eskola Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak) aspaldian erakutsi zuen bezala, Akordioak ez du egungo hezkuntza sistemaren egoera zalantzan jartzen, eta ez du Eskola Publikoa behin ere aipatzen. Gauzak horrela, Eskola Publikoari hezkuntza sistemaren ardatz egituratzailearen funtzioa aitortzetik oso urrun kokatzen da, eta, gure ustez, aitortza hau ezinbestekoa da hezkuntza sistema inklusibo, berdinzale  eta ez segregatzaile baterantz abiatzeko. Egungo status quo ezbaian ez jartzeko ildo beretik, Akordioak finantziazio eredua berraztertzeko beharra ere ez du proposatzen, zeina,  komeni zaigu gogoratzea, duela hamarkada batzuetatik hona bi abiadurako hezkuntza sistema finkatzen ari baita, itunpeko hezkuntzaren hazkundea Eskola Publikoaren kaltean eraginez. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak bere Lege berriarentzako oinarri bezala hainbeste goraipatu duen Akordioa hezkuntza eragile gehienek arbuiatu dute, bereziki Eskola Publikoarekin erlazionatutako guztiek, eta, beraz, sortzezko gaitz batekin jaiotzen da: hezkuntza sistemaren ardatz egituratzailea osatzen dutenek (edo osatu beharko luketenek) arbuiatzen dute.

 Frustragarria, are etsigarria da honetaz behin eta berriz hitz egin behar izatea,   Publikoarekiko pixkanakako utzikeria, itunpekoaren pribilegioak eta gobernuaren axolagabekeria interesatua salatzen jarraitu behar izatea; baina ederrak bezain “ez errentagarriak” diren kausen alde borrokatzeak hauxe dakar. Gu ez gara nekatuko. Eusko Jaurlaritzak hipokrisiaz harro agertu arren, PSEk bere sigletatik “S”-a luma-kolpe neoliberal batez ezabatu arren, ez gara nekatuko, Eskola Publikoan sinisten dugu gaur, eta sinetsiko dugu bihar.

Matías Cordero Arce

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

admineskola