Prentsaurrekoa: paper gutxiago eta ekintza gehiago.

12/11/2018
prentsaurrekoa.jpg

Egun on:

Hezkuntza Sailak aurkeztu duen dokumentuaren inguruan gure Plataformak egin duen azterketa zuekin partekatzeko deitu zaituztegu, Datuei dagokienean, dokumentua argia da, baina, gure ustez, osatugabea eta herrena, urteak salatzen daramagun errealitateari ihes egiten diolako, horretarako segregazio eta kuota hitzak alde batera utziz eta eufemismoz ordezkatuz. Errealitatea saihesteak ez du laguntzen hari aurre egiteko, aitzitik, diagnostiko ahula eta neurri eskasak dakartza.

EAEko datuak aztertuko ditugu eta, Gasteizen nahiz Araban oinarrituko gara, Lehen Hezkuntzako etapan, sortu ginenetik gure lan esparrua izan direlako, baina ohartarazi nahi dugu eskola-segregazioaren inguruan Bigarren Hezkuntzako gaur egungo datuak ez horren lazgarriak izan arren, epe motz/ertain batean Lehen Hezkuntzan ematen den argazkiaren isla izango direla ezinbestean, Eusko Jaurlaritzak, orain arte bezala, neurriak hartzen ez baldin baditu. Azpimarratu nahiko genuke ere, Haur Hezkuntzako datuak ez direla agertzen. Horrela balitz, eskola segregazio datuak are asaldagarriagoak izango lirateke, hainbatetan salatu dugunez, hezkuntza etapetan behera goazen neurrian, larrituz doan prozesua delako.

Dokumentuak egiten duen diagnostikoa eta jasotzen dituen neurriak zehaztuko ditugu, eta gureak berriro gogoratuko, gaurkotasun osoa mantendu eta arazoa konpontzen lagunduko dutelakoan gaudelako.

 

  1. DATUEN AZTERKETA

Azterketa atzerritar jatorriko populazioan oinarritzen da eta beste herrialdeetan jaiotako ikasleak biltzeaz gain, gurasoetako bat behintzat atzerritarra duten eta Estatuan jaiotakoak diren ikasleak jasotzen ditu. Ikuspuntu horrek nazionalitatearen adierazleak baino hobeto barne hartzen ditu Hezkuntza Administrazioak erantzun egokia emateko kontuan izan behar dituen ikasleen premia berezi posibleak (profil soziokulturala, hizkuntza, egoera sozioekonomikoa…).

Hala ere, ikerketa honek Euskadiko ikastetxeetako ikasleen egoera sozioekonomikoaren inguruko azterketa zehatza falta du. Plataformaren bitartez,  beti salatu dugu gure hiriko ikastetxe publikoetan atzerritar jatorria duten ikasleez gain, profil sozioekonomiko baxuko ikasleen pilaketa ematen dela, bi bazterketa motak elkarrekin baitoaz behin eta berriro aditzera ematen duten espezialistek dioten bezala.  Alderdi hori isilean gordetzeak azterketa txirotzen du eta segregazioaren aldagaietako bati bakarrik eusten dio.

 

Hori esanda, ikerketan ematen diren datu ugarien artean bakar batzuk nabarmenduko ditugu:

 

-SAREEN ARABERA, ATZERRITAR JATORRIKO IKASLEEN ESKOLATZEA EAEn

Sareen arabera, Lehen Hezkuntzan ikasleen %51k sare publikoan ikasten du eta %49k itunpeko sarean. Atzerriko ikasleez ari bagara, Lehen Hezkuntzan sare publikoko matrikularen %22,8a dira eta itunpekoaren % 9,6a. Atzerritar jatorriko ikasleak osotasunean hartuta, % 75a sare publikoan eskolatua dago, %19a Kristau Eskoletan eta %5a Partaide ikastolen sarean.

 

 

-SARE EZBERDINAK KONTUAN, ATZERRITAR JATORRIKO IKASLEEN KONTZENTRAZIOA LEHEN HEZKUNTZAN EAEn

Sare publikoa

– Ikastetxeen %57,5ek atzerritar jatorriko ikasle kopurua %20a baino txikiagoa dute.

– Ikastetxeen %20ek atzerritar jatorriko ikasle kopurua %20 eta 30 artean dute

– Ikastetxeen %22k ( EAEn 75 ikastetxeek) atzerritar jatorriko ikasleen kopurua %30a baino handiagoa dute ( 25ek %50eko kopurua gainditzen dute).

Itunpeko sarea

– Ikastetxeen %86k atzerritar jatorriko ikasle kopurua %20tik beherakoa dute..

– %7,2etan (15 ikastetxe EAEn) atzerritar jatorriko ikasleen kopuruak %30a gainditzen du (%50eko  kopurua gainditzen duten 7 ikastetxe daude, denak Kristau Eskolakoak).

– Itunpeko sarean, beraz, ikastetxe gehienek atzerritar jatorriko ikasleen ehuneko kopuru txikiak dituzte eta soilik gutxi batzuek dituzte kontzentrazio maila altuak: EAE osoko 15ek soilik gainditzen dute %30eko kontzentrazioa, publikoko 75en aldean. Eta atzerritar jatorriko ikasle kopurua %50etik gorakoa den 7 ikastetxe daude (denak Kristau Eskolakoak), sare publikoan aldiz, 25.

 

-EREDUEN ARABERAKO ESKOLATZEA

Sare publikoan atzerritar jatorriko ikasle kopuruaren %80a D ereduan dago. Hau kontuan, esan daiteke eskola-segregazioa, gaur egun, ezin zaiola  hizkuntz ereduei leporatu.

 

-LURRALDEEN ARABERA

Araban, Lehen Hezkuntzan ikasle etorkinen kopuruak %25a suposatzen du, Gipuzkoa eta Bizkaiko %15arekin alderatuz. Araban ikasle hauen %85ak sare publikoan du izena emana, Gipuzkoan eta Bizkaian aldiz, %75ak..

 

-MATRIKULA BIZIA

2017-2018 ikasturtean zehar hiru eskolatze batzordeek denera 4.312 ikasle eskolaratu dituzte (950 Araban, 1.985 Bizkaian eta 1.379 Gipuzkoan). Hemen datuek bai hartzen dituzte ikasle guztien datuak, haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntza etapetakoenak.

Datu hauek kontuan eta EAEko ikastetxeetan 33.000 atzerritar jatorriko ikasle daudela jakinik, Itunpeko Sareko zenbait patronalek adierazi duten ideia ezeztatu daiteke: matrikula bizia ez da segregazioaren faktore eragilea. Baina egia da hobeto kudeatu litekeela.

Araban, Eskolatze batzordeak, Lehen Hezkuntzako ikasleen %79a sare publikoko ikastetxeetara bideratzen du. Plataformatik urteak daramatzagu eskolatze desorekatu hau salatzen, zentro hauek baliabide askoren premia izan arren, administrazioak horien eskasian uzten dituelako ikastetxeak, ikasleak kaltetuz. Desoreka hau are larriagoa da, itunpeko ikastetxeetara bideratu den  ikasle hauetariko gehiengoa hurrengo ikasturtean sare publikora joaten bukatzen duela kontuan hartzen badugu.

Guzti honetaz gain, Batzorde honek matrikula mota honen %85a dagoeneko atzerritar jatorriko ikasleen kontzentrazio maila oso altuak dituzten 19 ikastetxe horietako batzuetara bideratzen du. Zentro hauen egunerokotasunean zailtasun handiak dakartza honek, eta era nabarmenean baldintzatzen du iritsi berriak diren ikasle hauen eskolatzea giro ez segregatu eta normalizatuago batean izateko aukera.

 

Bizkaia eta Gipuzkoan, aldiz, eskolatze batzordeek era orekatuagoz jokatu dute, baina hala ere, kasu guztietan sare publikoa da itunpekoarekin alderatuz  ikasle hauek neurri handiago batean jasotzen dituena. Beraz, aurretik bazen eta oraindik bada posible, gaur arte izan diren Arabako Eskolatze Batzordeko irizpideak hobetzea, berdintasuna kontuan.

 

-ETXEBIZITZA KONTZENTRAZIOA ETA SEGREGAZIOA

Ikerketa honek, daturik eman gabe,  eskola segregazioa azaltzeko etxebizitza kontzentrazioa oso faktore garrantzitsua dela nabarmentzen du. Gasteizko auzoen errealitateak, ordea, hipotesi hau deuseztatzen du, izan ere, denetan dago eskola publiko segregaturen bat, askoz ikasle etorkin portzentai altuagoa duena zonaldeotan diren biztanle kopurua  baino. Areago, zentro hauen inguruan badira itunpeko eskolak erabateko alderantzizko ikasle osaketa dutenak (jatorria eta profil sozioekonomikoari dagokionez). Eta inor ez litzateke harritu beharko, izan ere, urte luzetan, Hezkuntz Delegaritzaren ageriko politika izan baita zentro batzuk «sakrifikatzea» beste batzuen «mesedetan».

 

  1. DIAGNOSTIKOAREN GAINEKO GURE IRITZIA

«Kuota» hitza testuan ez agertzea latza da, eta faktore honen analisi serio bat egitea, berriz, ezinbestekoa. Itunpeko zentroetan hilero familiei kobratzen zaien diru kopuru horri erreferentzia egitea saihesten da, eta berau da eskola segregazioaren kausa garrantzitsuenetako bat, askok eta askok ezin baitute ordaindu. Hezkuntza Sailak errealitate hau mozorrotzen du eufemismoak erabiliz, «patroi eta baldintza sozioekonomiko jakin batzuk» kasu. Larria da faktore honen analisi serio bat egin ez izana, ezinbestekoa da.

Dokumentuak behin eta berriz aipatzen du, sare bakoitzaren barruan ere desorekak daudela eskolen artean; hala ere, zenbakiek argi erakusten dute desoreka nagusia «publiko / itunpeko» ardatzean geratzen dela.

Eufemismoekin jarraituz, larregi darabil hezkuntza sistema bikoitz honi dagokionez: «eskola eskaintza zabal eta askotarikoa», «eskaintza zabal eta bereizia»…  Halaber adierazten du eskaintza hau «familien aukeraketa librearekin» lotuz gero, «eskolatze-prozesuan bereizketa-dinamikak» ager daitezkeela (hartara, «segregazio» hitza aipatzea ekidinez). «Familien aukeraketa librea» beste gezur bat baino ez da, izan ere, bistakoa da kuoten existentziak, baita beste faktore batzuk ere, hala nola, erlijio katolikoa irakasgaiak (beste faktore bat segregaziorako), mugatzen dutela, batik-bat baliabide urridun familien kasuan.

Alegia, esan dugun bezala, testuak errealitateari ihes egiten dio, eta, gauzak horrela, ezin berari aurre egin. Diagnostikoa makala bada, neurriak ere berdin.

 

  1. NEURRI «BERRIEN» ANALISIA

Plataformaren lehen irudipena izan da testuaren titulua ez zaiola errealitateari lotzen. «Neurri berriak» ez dira berriak: haietako gehienak Hezkuntza Sailaren aurreko plangintza eta dokumentuetan aurki ditzakegu, testuan bertan jasotzen den bezala.

Dokumentuak 7 erronka proposatzen ditu, hainbat ildotan gauzatzen direnak. Jarraian aztertuko ditugu.

  1.  SARBIDEA AUKERA-BERDINTASUNEZ BERMATZEA.

Testuan aipatzen da ikasleen izena-ematean egoten den mugikortasuna ez dela esanguratsua derrigorrezko eskolatze aldian. Baina gauza jakina da uda partean familia asko batu egiten direla eta, ondorioz, irailaren lehenengo asteetan, eskola publikoko idazkaritzek matrikulazio berrien etengabeko zerrendak kudeatu behar dituztela; hauek, ordea, ez dira «matrikula bizia» bezala hartzen, izaera hori lortzeko, irailaren bukaeran gertatu behar direlako. Ikasturte honetan hainbat gela ezagutu ditugu 14 ikasleekin irailaren batean eta 18rekin irailaren 15ean.

 

Hezkuntza Sailak proposatzen dituen neurri asko eta asko aurretik plazaratutako planeetako neurrien «moztu-itsatsi» bat besterik ez dira: «epez kanpo eskolatutako ikasle atzerritarren esleipenean oreka bermatzea eta, horretarako, batzordeen irizpideak homogeneizatzea», edo «gainbegiratze eta kontrol-tresnak indartzea, eta ikasleak sartzeko eta onartzeko legeria betetzeko berme-mekanismoak ezartzea»… baina ez da aipatzen noiz, nola edo nork egingo duen. Hainbeste plan ikusi ondoren, beldur gara ez ote dugun jarraituko ezer egin gabe orain arte bezala.

  1. IKASTETXEEN OSAERA SOZIALAREN OREKA.

Dokumentuaren beraren arabera, «ikastetxeen osaera sozialean oreka bilatzeak eskola-sistemaren kohesio handiagoa ekarriko du berekin». Ez da, ordea, aurreikusten inolako ekintzarik, guretzat eta lehenxeago aipatu dugun bezala, funtsezkoa diren eskola-segregazioaren motibo garrantzisuenei aurre egingo dienik: kuota ilegalen bitartez ordaindu beharreko oztopo ekonomikoei, eta hainbat ikastetxeren hezkuntza-proiektuen ardatza den erlijio katolikoak sortzen dituen oztopo ideolojikoei.

III. BIZIKIDETZA ESKOLA INKLUSIBOAN ETA KULTURARTEKOAN

Testuaren arabera, «inklusioaren inguruko kezka, euskal hezkuntza-sistemaren funtsezko elementu bereizgarrietako bat ere izan da, eta da oraindik ere» eta sinistu egiten dugu, datuak hain dira eta lazgarriak kezkatzeko modukoak ere badirela. Gainera, esaten da «politika eta ekimen asko garatu direla eskola inklusibo bat bultzatzeko eta aniztasunari erantzun egoki bat emateko». Ba, Ikasle Etorkinei Arreta Emateko II. Plana 2016tik 2020ra bitartera diseinatu baldin bazen, bistakoa da dagoeneko porrot egin duela, eta diagnostiko berri honen eta bere erronken oinarria dela kontuan hartuta, etorkizuna ilun ikusten dugu.

  1. ETORRI BERRI DIREN ATZERRIKO IKASLEEN HARRERA ETA MURGILTZEA

Erronka honen aurrean, hainbat neurri zehatz proposatzen dira, besteak beste, «ikasle iritsi berrien hezkuntza premiak zehaztuko dituen tresna bat txertatzea» eta horren arabera, ikastetxea esleitzea. Beharrezkoa ikusten dugu ikasleen behar bereziak aldez aurretik ezagutzea baina ez da zehazten nola kudeatuko diren datu horiek ikastetxea esleitzeko orduan: batuko al dira behar berezi antzekoak ikastetxearen arabera baliabideak konzentratzeko? bermatuko al da bi sareetako ikastetxe guztiek hartuko dituztela behar berezien antzeko kopururik? espezializatu nahi al dituzte ikastetxe batzuk halako behar berezietan? edo…?

Beste aldetik, ikasle iritsi berrien harrerako eta hizkuntza murgiltzeko edo eskolatze osagarriko programa esperientzia pilotuak egitea proposatzen dira Bigarren Hezkuntzan. Neurri arriskutsua dela uste dugu, arriskua baitago gela segregatuak sortzeko eskola segregatuetan. Murgiltze linguistikoa hizkuntza ezagutzen ez dutenen gelakideekin? Ez al da hau kontraesan garbia dokumentu honetan behin eta berriro aipatzen diren eskola inklusiboaren printzipioekin?

  1. HEZKUNTZA-JARDUERA ETA PROIEKTU BERRITZAILEAK / VI. BALIABIDEAK    EGOKITZEN DITUZTEN NEURRIAK

Erronka hauek aniztasun sozio-kultural handikoak deituriko ikastetxeei zuzenduak dira. Berriro esan beharrean gaude ez direla neurri berriak: irakasleen prestakuntza eta laguntza, proiektu berritzaileen sustatzea, pilotu esperientziak… Egitasmo hauek guztiak garatu ahal izateko ezinbestekoa da ikastetxe hauei irakasle finko nahikoarekin hornitzea, bertara joaten diren familiak behar bezala zaindu ahal izateko. Baina, eta hau bitxia da, neurri bakar bat dago ikastetxe hauei laguntza-irakasleak emateko, behar bereziei lotuta baino ez, hain zuzen.

VII.  INSTANTZIA PUBLIKO GUZTIEN EKINTZA KOORDINATUA

Azken erronkari aurre egiteko, ez da ezer berririk aipatzen eta erabiltzen diren aditzak orokorrak eta funsgabeak dira berriro ere («koordinazioa bultzatzea», «jarduteko programak eta ekimenak garatzeko baterako akordioak eta planak zehaztea», «esku-hartzeak sustatzea», «azterlan bat sustatzea». Gogoratu nahi dugu, adibide gisa, hemen Gasteizen, «Hezkuntza eta Aniztasuna Lan-Mahaiak», 2016ko abenduan, “Vitoria-gasteizen eskola-segregazioari aurre egiteko azterketarako eta proposamenen agiria» lana burutu zuela, eta harrez geroztik egoera txarrera baino ez duela egin.

 

 

Laburbilduz, Txostenean eskainitako datuak aintzat hartzen ditugu. EAEko eskola-segregazioaren errealitate latza berriz agerian uzten duten datu jaso berriak dira. Hala ere, Euskadiko Eskola Kontseiluak bi urtetan behin argitaratzen duen txostenean eta baita beste dokumentuetan ere agertu ohi dira, segregazio egoera larriagotu dadila saihesteko neurririk hartu gabe. Hezkuntza Sailak txostenak, dokumentuak eta neurri-zerrendak sortzen jarraitu ahal du sine die. Baina paper gutxiago idazteko eta hemendik urte batzuetara zenbaki horiei buelta emango dieten neurri eraginkorrak, ausartak eta sakonak ezartzeko garaia da .

 

Bukatzeko, Plataformak eskola-segregazioari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak gogoraraziko dizkizuegu:

1) hezkuntza publikoa euskal hezkuntza-sistemaren lehentasunezko ardatz nagusia izatea; 2) matrikulazio bakarreko udal bulegoak martxan jartzea; 3) legeak dioen bezala, finantziazio publikoa jasotzen duten ikastetxeetan benetako doako hezkuntza bermatzea; 4) gizarte- beharrizanei ematen dieten erantzunaren araberako hezkuntza itunak hitzartzea; 5) D eredua unibertsala izatea integraziorako funtsezkoa delako; 6) sare guztietan hezkuntza laikoa izateko eskubidea bermatzea; 7) egoera segregatzailea pairatzen ari diren eskoletan plan bereziak martxan jartzea, egoera lehenbailehen bihurtzeko; 8) azpiegitura eta giza-baliabide nahikoak izatea eta azken urteetan eginiko murrizketak bertan behera uztea; 9) 0-2 etapan prozesu pribatizatzailea leheneratzea; 10) diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztietarako gehienezko eta gutxienezko hezkuntza-beharren indizea ezartzea.

 

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

Gasteizen, 2018ko azaroaren 12an

 

admineskola