Itunpeko irakaskuntzaren finantziazioa: zer ari garen ordaintzen guztion artean.

05/12/20180
6-concertada.jpg

Askotan irakurtzen ditugu itunpeko irakaskuntzako patronal nagusien adierazpenak (Mikel Ormazabal, Kristau Eskola; José Luis Sukia, Partaide-Ikastolak; Ignacio Marín, Eusko Ikastolen Batza), kexuka, Eusko Jaurlaritzatik gaur egun jasotzen duten finantziazioa ez omen delako nahikoa beren hezkuntza proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Euskadiko Eskola Kontseiluaren azken txostena aipatzen dute, bertan esaten baita finantziazio publikoak gastuen % 66a baino ez duela betetzen (%70a edo %80 beste adierazpen batzuetan). Gaineratzen dute, 2019rako Aurrekontuen proiektuak familiei kuotak kobratzen jarraitzera behartuko dituela eta Eusko Jaurlaritzak (EJk) ez dituela «bitartekoak» jartzen aukera berdintasuna eta inklusibitatea bermatzeko.

 

Ez da hori, ordea, “behar bezala” finantzatuta ez diren ikastetxe horien instalazioek ematen duten inpresioa , ez eta egiten dituzten handitze-lanek ere, ezta ikastetxe berriak nola sortzen diren ikustean ere. Beren kexek harritu egiten gaituzte gainera, EAE derrigorrezko hezkuntza (6 eta 16 urtera bitartera) finantzatzeko legezko betebeharra soberan gainditzen duen erkidegoa delako, eta diruz hornitzen dituelako hezkuntza-itunen bidez, 3 urtetik 18ra bitarteko tarte osoa, hau da, Haur Hezkuntza eta Batxilergoa ere (derrigorrezkoak ez izan arren); eta 0-3 etapa beste diru-laguntza batzuekin, (26,5 milioi euro aurten).

 

Sare hauen bozeramaileek orokorrean hitz egiten dute beren sarearen errealitateaz, ikastetxe guztien egoera berbera balitz bezala, eta ahal duten guztietan errepikatzen «zerbitzu berak, finantzazio bera” behar duela, sare publikoaren finantzaketarekiko diskriminatuta sentitzen direlako, eta tratu berdina aldarrikatzen dute, sare publikoa eta pribatua berdinak balira bezala. Behin eta berriz erabiltzen duten mantra da: ezin dira doakoak izan finantziazio publiko nahikorik ez dutelako; baina ez dute esaten finantza-autonomia osoa dutela kuotak kobratzeko, lokalak alokatzeko, dohaintzak jasotzeko eta abar, hau da, ezkutatu egiten dute beste finantziazio-iturriak badituztela, sare publikoak ez bezala. Haien finantzazioa ez da gardena eta ezin da beren gaineko datu zehatzik ezagutu Eusko Jaurlaritzak exijitzen ez duen kontu-ikuskaritza publiko eta gardenik ez dagoelako, eta horrela, diru publiko hori kontroletik kanpo geratzen da. Finantziazio hori, gainera, 300 gerente inguru mantentzeko eta eskola publikoak ez dituen eta eskaini ezin dituen zerbitzuak eskaintzeko erabiltzen da.

 

Baina, benetan zerbitzu bera ematen al dute? Benetan zerbitzu publikoa al da? Ikus dezagun zein zerbitzu motari doakion EJk itunpeko irakaskuntzara bideratzen duen diru kopuru publiko itzela (kontzertatuen bozeramaleek egiten duten bezala, orokorrean hitz egingo dugu, aurretik  jakinda ikastetxe guztiak ez direla berdinak eta errealitate anitzak dituztenak ere badirela).

 

Diru publikoarekin, EJ ikasleak aukeratzen dituzten zentroak finantzatzen ari da, familia guztiek ordaindu ezin dituzten kuotak kobratzearen bidez. Hori gogorarazten zaienean, erantzun egiten dute onarpenerako baremo ofizialak betetzen dituztela, baina ez dute gehiegi zabaltzen familiei eskatzen dieten hileko diru-kopurua eta beste hainbat kontzeptu batzuk, besteak beste, honako hauek: jarduera osagarriak, orientazio psikopedagogikoa, eskola-materiala, gelarako material erabilgarria, fotokopiak, idazkaritza zerbitzua, ebaluazioa, teknologia, guraso elkartea… Gogoratu nahi dugu diru publikoarekin finantzatutako ikastetxeetan diru-kuotak kobratzea ilegala dela egoera guztietan, bai familia batek ordaindu dezakeenean bai, “gizarte-ekintza” baten bidez ezin dutenen kuotak beste familiek ordaintzen dituztenean. Eusko Jaurlaritzak ez luke inola ere legez kanpoko kuota horiek kobratzen jarrai dezaten utzi behar.

 

Diru publikoarekin, EJ irakasleak elkarrizketa baten bidez edo antzeko prozeduraren bidez, alegia, deialdi publikorik gabe aukeratzen dituzten zentroak mantentzen ari da. Irakasle-eginkizunerako «onenak aukeratzeko» beharraz gero eta gehiagotan hitz egiten den garaian, eta, irakasleek irakaskuntza publikoan duten sarbidea aldatzeko beharra ikusten denean (egungo EPEen sistema aldatuz), harrigarria da inork zalantzan ez jartzea itunpeko irakaskuntzan “onenak hautatzeko” prozedura arbitrarioa. Euskal hezkuntza-sistemaren % 49a denaren prozedura, alegia. Sare publikoan sarbide gardena baina ez kontzertatuan?

 

Diru publikoarekin, EJ beren ikasleak erlijio baten bidez doktrinatzen ari diren zentroak finantzatzen ari da, hau da, ezagutza zientifikoarekin bat ere zer ikusirik ez duen munduari buruzko ikuspegi zehatz bat erakusten dutenak, estatu laiko batean, eremu pribaturako gordeta egon beharko lukeena. Gaur egun, herritar guztien diruarekin finantzatutako eskolek ideologia jakin bat zabaldu ahal izatea onartezina da.

 

Diru publikoarekin, EJ finantzatzen ari da, beren inguruarekin inklusio-konpromiso sozialik hartzen ez duen ikastetxe asko. Salbuespenak salbuespen, ikasle etorkinen matrikulazioari buruz EJren datuei erreparatuz (2018), esan daiteke itunpeko ikastetxe gehienek segregazioa sortzen dutela. Euskadiko Eskola Kontseiluak 2015-2017 txostenean, familien ISEK (indize sozioekonomiko eta kulturala) delakoaren inguruan, ez du zalantzarik uzten: «Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan zentro publikoen batez besteko ISEK negatiboa da, eta pribatuena, berriz, positiboa». Halaber, esaten du «diru publikoarekin hornitzen diren ikastetxeetan ikasleen eskolatze orekatua bultzatzeko neurriak hartu behar direla».

 

Diru publikoarekin, EJ dozenaka ikastetxe finantzatzen ari da, derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran ikasleek bi hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzen ez dutenak, hau da, euskalduntzen ez dutenak. Sare publikoan D ereduaren portzentajea % 83,4koa da, eta A eta B, berriz, % 16,6; kontzertatutako sarean, berriz, D eredua % 44,4 da, eta A eta B eredua, berriz, % 55,6ra iristen dira (PISA, 2015ko datuak). Ikasle gehienen euskalduntzearen lana eskola publikoa burutzen ari da, gogotsu eta koherente. Euskara sare publikoan dago batez ere, gai honetan legea betetzen ez duten ereduak eta sareak diruz laguntzen diren bitartean.

 

Laburtuz, hau da Eusko Jaurlaritza itundutako ikastetxeei baimendu eta finantzatzen ari zaiena, alegia, gure zergekin ordaintzen ari garena. Uste dugu, beraz, itunpeko irakaskuntzak eskaintzen duen zerbitzua ezin dela zerbitzu publiko gisa ulertu, doan eta unibertsala ez delako, konfesionala eta diskriminatzailea hainbatetan, eta legedia bete gabea beste batzuetan. Horregatik eskatzen dugu diru publikoekin ez hornitzea benetan zerbitzu publiko bat bezala funtzionatzen ez duen arte, alegia: ikasleen harrera unibertsala, irakasleen kontratazio publikoa, gardentasun ekonomikoa, laikotasuna, inklusioa, euskalduntzea … betetzen ez duen arte.

 

Berriro ere, errepikatu nahi dugu begien bistakoa dena: ikaslego homogeneoa eta hezkuntza esklusiboa nahi duten familiek (deialdi publikorik gabeko irakasleekin, irakaskuntza konfesionalarekin, eta EAEko bi hizkuntza ofizialen ezagutza bermatu gabe), irakaskuntza mota hori aukeratu dezakete. Baina aukeraketa hori ez da guztion diruarekin ordaindu behar.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

admineskola


Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *