Pasa den urtarrilaren 22an, Gorka Urtaranek, Gasteizko alkateak, Hezkuntzako Ordezkariarekin batera egindako prentsaurrekoan, lotsa gabe azaldu zuen gure hirian ezin dela “eskola-segregazioaz” hitz egin, “kontzentrazioa” delako bati buruz baizik, auzoen errealitateari edota hezkuntza ereduen aukeraketari lotutakoa.
Hori errealitateari uko egiteko modu nabaria da, hau da, gezurra da. Egin dezagun atzera. Duela lau urte Udalak (Gorka Urtaran alkate zela) aniztasunaren eta hezkuntzaren inguruko lan-mahai bat deitu eta antolatu zuen, “Vitoria-Gasteizen eskola-segregazioari aurre egiteko azterketarako eta proposamenen agiria”, izenarekin 2016ko abenduaren 19an argitaratu zena. Beraz 2016tik, behintzat, Gasteizko Udalak jakin badaki segregazioa egon badagoela. Honetaz gain, Udalak eta bere alderdi politikoak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzak eskainitako datuek bat egiten dute eskola-segregazioa Gasteizen, Euskadiko beste tokietan baino larriago gertatzen ari dela berresteko orduan.
Hona hemen datu horiek diotena: Gasteizen, atzerritar jatorriko biztanleen ehunekorik altuena duen zonaldeak %18koa du; gainontzeko auzoen bataz bestekoa, %10 – %11 artekoa da. Hala ere, hirian, 19 ikastetxe publiko daude (guztiaren % 60a), segregazio prozesuan daudenak, hots, %30aren eta %60aren bitarteko jatorri atzerritarreko ikasleak dituztenak. Gogorarazi beharko zaio alkateari, eskola horiek gehienak D eredukoak direla, Gasteizen A ereduko hiru eskola publiko eta B ereduko bi baino ez dagoelako.
Era berean eta Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformatik askotan ohartarazi dugun bezala, ez da bakarrik jatorri arazoa, baizik eta sare publikora edo itunpekora doazen familien indize sozioekonomikoaren alde nabarmena. Alkate jaunak jakin beharko luke, datu ofizialak direlako, 2013. urtetik 2017. urtera Gasteizko eskola publikoen familien ISEKa (Indize Sozioekonomikoa) %40a jaitsi dela.
Eta horrek guztiak zer ondorio dakar? Begien bistakoa dena: gure hiriko hainbat auzotan jatorri atzerritar edota ISEK baxuko familien kontzentrazio altuko ikastetxeak (publikoak gehienetan), eta guztiz kontrako ezaugarri sozioekonomikoak dituzten ikasleen beste ikastetxe batzuk (itunpekoak gehienetan) batera egon badirela. Plataforma honek etengabe dokumentatu eta salatu duen bezala, hori guztia ez da kasualitatea, Urtaran jaunaren alderdi politikoak aurrera eraman duen hezkuntza politika baten ondorioa baizik, itunpeko ikastetxeei eskola publikoaren gainetik mesede egiten diena, hots, segregazioa bultzatzen duena.
Argi eta garbi dago, beraz, arduradun politikoek Gasteizen eskola-segregazioa egon badagoela badakitela, baina hitza ez aipatzea erabaki dute, izendatzen ez dena izana ez duelakoan. “Eskola-segregazioa”, ordea, oso ezaguna eta erabilia den terminoa da hezkuntzaren inguruko hainbat ikerketa eta azterketetan, eta zoritxarrez gure hirian gertatzen ari denarekin, ezin egokiago hitza da. Eta segregazioa badagoelako, guk izendatu eta salatu egiten dugu. Agian udal gobernuari kostatzen zaiona da, berak sustatu nahi duen “hiri hezitzailea”ren etiketa erabili ordez, orain dela hamar urtetik hona eta egungo egoera “hiri segregatzailea” dela onartzea. Errealitate hau aldatzea zaila izango da arduradun politikoen itsutasun argia eta borondate eza dagoen bitartean.
Aurreko guztiagatik eta Udal nahiz Autonomia-erkidegoko agintariak orain arte eskola publikoaz arduratu ez eta utzikeriaz jokatu duten arren, egunero bere alde borrokatzen dugunok hamaika eta bi gara: zuzendaritzak, irakasleak, familiak, umeak… Guztiok aitortzen dugu gure hiriko eskola publikoa kalitatean, hezkuntza-berrikuntzan, euskalduntzean, profesionalen konpromisoan eta inklusioan eredugarria dela. Bada garaia ardura politikoa daukatenek lan eder horretan lagun gaitzaten.
Rubén Egia (LAB)
Arantza Semprún (CCOO)
Arrate Albaina (STEILAS)
Ziortza Bocanegra (ELA)
Euskal Eskola Publikoaren aldeko Gasteizko Plataformaren ordezkari sindikalak