Zein eskola itxiko dira datozen urteetan?

19/01/2019
itxi.jpg

EAEko eskolek 16 urtetik beherako 30.000 ikasle baino gehiago galduko dituzte (derrigorrezko eskola-aldia amaitzen den adina) hurrengo hamarkadan. Aurreikuspenen arabera, 0 eta 2 urte bitarteko umeen kopuruak 2028an joko du hondoa, eta hortik aurrera motel baina berriro haziko da.

 

Hasierako zikloetako ikasleen galera orain dela bost urtetik hona gertatzen den arren, datozen urteak funtsezkoak izango dira euskal hezkuntza-sistemaren ardatza egituratzailea definitzeko. Zer egingo du Eusko Jaurlaritzak errealitate horren aurrean? Eskola publikoaren aldeko apustua egin ala itunpeko sareari emango dio lehentasuna?

 

Euskadin, eskolen %51a publikoak dira. Belgikarekin batera partekatzen dugu Europako hezkuntza-itunen rankingeko tasarik altuena; gainerako herrialdeek apustu sendoa egiten dute eskola publikoaren alde (Erresuma Batuan %82, Frantzian %85, Portugalen %88, Alemanian eta Polonian %95, Finlandian eta Irlandan ia %100).

 

Gehiegitan ikusten dugu itunpeko hezkuntza, ikastetxea aukeratzeko askatasuna aitzakia hartuta, babesleku elitista bihurtzen ari dela, eta beste batzuetan negozio. Enpresa handiak hezkuntza industria boteretsuan inbertitzen ari dira, komunikazio-kabineteek kanpainak egiten dituzte, ikastetxeen iragarkiak daude garraio publikoetan, kalean, komunikabideetan, gizarte-sareetan… Publizitatean egiten den inbertsio ekonomiko guztia ona omen da (diru publikoarekin, batez ere) zenbakiak mantendu ahal izateko. Ikasleen onarpena unibertsala izan behar da, irakaskuntza erabat doakoa eta jarduerak (bai eskola barnekoak, bai eskolaz kanpokoak) irabazi asmorik gabeak, baina badakigu hori ez dela betetzen.

 

Iraganak eta orainak, zoritxarrez ere, etorkizuna nondik joan daitekeen erakusten digute. Araban: Eulogio Gomez, Lope de Torre, Reyes Católicos eta Ruiz de Garibay Zaramagan; Pio Baroja El Pilarren; Ignacio Aldecoa eta Valle Inclan Aranan; Canciller Ayala, José Mardones eta La Florida, erdialdean; Marcelino Losa, hegoaldean. Duela hamarkada batzuk Gasteizen itxi diren ikastetxe publikoak dira.

 

Zerrenda luzeagoa da: Juan Ramón Jiménez Eharin; Antonio Albandoz, Gamarran; Juan XXIII eta Gregorio Marañon Laudion (gehi Menendez Pidalen eta Gregorio Marañonen Lateorro eskolan bat egitea); Espejo eta Bernedoko eskola txikiak…

 

Sei eskola publiko desagertu dira probintzian eta hamahiru Gasteizen. Aitzitik, itunpeko eskolen itxierarik ez da egon eta beste batzuk sortu egin dira (Geroa eskola Trokonizen, NClic Gasteizen, Argantzun ikastola Manzanosen; edo eraldaketak: Ursulinas-Urkide eta Lautada ikastola).

 

0-3 urteko etapari begiratzen badiogu (aurten 26,5 milioi euroko diru laguntza itunpeko irakaskuntzari), egiaztatu ahal izango dugu gela horietako asko ireki direla inguru hurbilean eskaintza publiko nahikoa egonda. Hori al da Jaurlaritzaren ildo estrategikoa?

 

Egoerari buelta eman behar zaiola uste dugu. Orain da unea. Eusko Jaurlaritzari irakaskuntza publikoaren aldeko apustu garbia eskatzen diogu, hezkuntza-sistemaren ardatz egituratzailea izan behar duen sarea, zerbitzu publiko unibertsala, kohesionatzailea eta doakoa eskaintzeko gai den bakarra delako. Egingo al du, aurreikus daitekeen jaiotza-tasaren beherakadaren aurrean, itunpeko ikastetxeek gaur egun duten osaera mantentzearen eta zentro publikoak ixtearen aldeko hautua? Haurrak beren baliabide ekonomikoen arabera diskriminatzen dituzten hezkuntza-proiektuak hitzartzen eta diruz laguntzen jarraituko al du? Zer planifikazioa du, zer aurreikusi du, zer lineak itxiko dira? Sare publikoa defendatuko du, gizarte osoarena den hori, edo mesede egingo dio ordain dezaketenen sare pribatuari?

 

Era berean, ausardia, konpromisoa, determinazioa eta hezkuntza publikoaren aldeko apustua eskatzen diegu talde politiko guztiei. Justizia eta gizarte-kohesio kontua da; etorkizuneko jendarte bidezko, ekitatibo, kohesionatu eta inklusiboari begirako inbertsioa, indar politiko guztiek aldarrikatu behar dutena.

 

Hezkuntza publikoa denona baita, umeen maila sozio-ekonomikoa, etnia, erlijioa eta abar bereizi gabe, bere ikasgelak zabalduz eta aberastuz gizartearekiko duen konpromisoa betetzen duelako; berritzailea delako (bere berrikuntzak hedabideetan saltzen ez diren arren); gehien euskalduntzen duen sarea delako; inklusiboa eta laikoa delako; umeen maila soziala albo batera utzita, berdintasun-aukerak ematea helburu duelako; aniztasunean aberatsa delako eta umeak «bezero” bihurtzen ez dituelako.

 

Hurrengo urteetan ikusiko dugu zein ikasgela eta zein zentro itxiko dituen Hezkuntza Sailak eta nondik nora doazen bere lehentasunak.

Euskal Eskola Publikoaren aldeko Gasteizko Plataforma

admineskola