Haurreskolak Partzuergoko langileak borrokan ari dira pairatzen ari diren murrizketen kontra eta gatazka honen aurrean, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunetik, hau adierazi nahi dugu:
1.Bat egiten dugu beren aldarrikapenekin: zerbitzuaren doakotasuna eskatzea, Partzuergoa hezkuntza sailean integratzea, akordio eta lan hitzarmenak errespetatzea eta langileen egonkortasuna bermatzea ere.
2.Honetaz gain, gure ikuspuntutik, Haurreskola Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzu publikoa, Topaguneak hainbestetan salatu duen hezkuntza sistema dualaren kaltetuetako bat da, eta urteetako hezkuntza politikaren ondorio kaltegarriak jasaten ari da. Gure ustez, gatazka hau ezin da ulertu Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza arloan etengabe daraman politika pribatizatzailea aintzat hartu gabe.
3.Partzuergoa sortu zenean, duela 18 urte, 2003. urtean, ondokoa sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta EAEko ia 200 udalek : “… (Eusko Jaurlaritzak eta Udalek) borondatez bat egin dute haur-eskolen gestio integrala eta EAEko 3 urtez azpiko haurren hezkuntza eta laguntza zerbitzua aurrera eraman ahal izateko”.
Baina esandako gestio integral hori egin beharrean, Eusko Jaurlaritzak 0-3 zikloko pribatizazioari ekin dio azken urte hauetan Partzuergoa (240 haur-eskolek osatua) dagoen egoera kezkagarrian utziz. Gaur egun, sare pribatua handitzeko eta publikoa mehetzeko diru publikoa erabiltzen ari da (27 miloi azken urteetan) eskaintza pribatua merkeagoa bihurtuz Partzuergokoa baino. Zer asmorekin egiten da guzti hau pribatizazioa bultzatzea ez bada?
4.Aipatutakoa kontuan hartuta, EEPH Topagunea osatzen dugunok honako hau azpimarratu nahi dugu: 0-3 zikloko pribatizazioarekin amaitu behar da: diru-laguntzarik ez ziklo honetako itunpeko irakaskuntzari. Onartezina iruditzen zaigu diru publikoa xahutzea umeak jaiotzen direnetik segregatzen dituen sare batean, Partzuergoko haur eskola publikoak diren bitartean.
Topagunean garbi dugu haur eskoletan ematen den egoera hau segregazioaren erantzuleetako bat dela, segregazioaren hasiera, hain zuzen. Gaur egun 0-2 zikloa salgai dago, merkatuaren irizpideen menpe. Berriro diogu, hezkuntza politika aldatzeko garaia da, hezkuntza sistema birplanteatzekoa, publikoa ardatzean jartzeko unea, hainbatetan esan dugun moduan. Lehenbailehen eutsi beharreko erronka dugu, eta haurrak jaiotzen diren momentutik eutsi behar zaio.
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA