Sinestezina dirudien arren, inork ez du ikusi nahi gure hezkuntza-sistemaren elefante erraldoia. Nahiz eta begi-bistakoa izan, bere egitura bikoitzak dakarren hezkuntza-anomalia larria ezkutatu nahi digute, alegia, ikastetxe publikoek eta pribatu-itunduek osatzen duten proportzio bereko egitura paraleloa. Esan beharra dago bikoiztasun hori ezohikoa dela Europako Batasuneko herrialde gehienetan. Izan ere, herrialde horietako hezkuntza-sistemak sare publiko indartsu batean oinarritzen dira, eskolatze-adina duen populazioaren batezbesteko %80 bertan kokatzen delarik.
Hala ere, egiturazko anomalia hori ez da kontuan hartu Eusko Jaurlaritzak berriki onartutako lege-proiektuan. Ez dago horri buruzko lerrorik, ez zioen azalpenean, ezta artikulatuan ere. Ondorioz, ez da aurreikusten neurri zuzentzailerik sare publikoa indartzeko, pixkanaka bada ere.
Proiektuak, aldiz, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa aurkezten du, ikastetxe publikoak eta ikastetxe pribatu-itunduak esparru eta maila berean parekatuz. Fikziozko eraikina, itxura eta lexiko berriak bai, baina edukiz hutsik eta legezko euskarririk gabea. Eusko Jaurlaritzaren beraren zerbitzu juridikoek ere zuzenketak egin dizkiote, eragozpen handiak adierazita beren txostenean. Ezin da publikotzat hartu izaera pribatua duena.
Behin hona iritsita, interesgarria da Abidjango Printzipioak berrikustea, hain zuzen, Estatuek hezkuntza publikoaren eskaintza bermatzeko eta sektore pribatuak hezkuntzan duen parte-hartzea arautzeko dituzten betebeharrei buruzkoak. Bertan, hezkuntza-eskubidearekin lotutako giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen araudia jasotzen da. Eta zehazki, hezkuntza-erakunde pribatuekiko finantzaketa publikoari dagokionez (65. printzipioa) honakoa dio: «Iraupen jakineko neurria da… Estatuak publikoki erakusten duenean ez dagoela berehalako aukerarik doako eta kalitatezko hezkuntzarako eskubidea gauzatzeko» (irakaskuntza publikoan). Jakina, oso bestelakoa da EAEko errealitatea.
Horren harira, argigarria litzateke printzipio horiek gure hezkuntza-sistemaren datuekin alderatzea, azken hamarkadei buruzko ikuskapen bat egingo balitz. Nahiz eta berrogei urte baino gehiago igaro izan, EAEk hezkuntza alorreko eskumen osoa duenetik, eta 30 urte Euskal Eskola Publikoaren Legea ezarri zenetik, gaur egun oraindik euskal gizarteak jarraitzen du sare publiko sendo bat eduki gabe, gure lurraldeko herri eta auzo guztietan hedatutakoa. Agian, iraganera joz aurki daiteke horren azalpena. Izan ere, gogorarazi behar da 1992ko ekainean EAJ, PSE eta EEren artean sinatutako eskola-ituna, non sare publikoaren eta pribatuaren arteko «orekari» eustea finkatu zen, orduan ere %50aren ingurukoa.
Bitartean, sare pribatuko hainbat patronalek funts publikoak jaso dituzte etengabe hezkuntza-itunen bidez, baita gain-finantzaketa beste bide batzuetatik ere. Onartezina da oraindik ere hezkuntza-itun ia mugagabeak baimentzea. Hainbat alorretan (energia, banketxeak, etxe alokairuak…) prezioei edota etekinei topeak jarri zaizkien bezalaxe, hezkuntzaren alorrean ere esku hartu behar da itunen kontzertazioa mugatuz, eta ikastetxe itunduen plazen gain eskaintza debekatuz.
Beraz, hurrengo hamarkadetarako hezkuntza-esparrua finkatu nahi duen lege batek eskaintzen duen aukera historikoaren aurrean, zentzuzkoa dirudi hezkuntza-politikaren norabidea errotik aldatzeko hautua egitea. Beharrezkoa da ustezko neurri aringarriak alboan uztea, egungo statu quo eredua mantentzeko baino balio ez dutelako, hain zuzen ere, eskola-segregazioa errazten duen eredu duala. Izan ere, Euskal Eskola Publikoaren aldeko apustua egin behar da behingoz, hezkuntza-sistemaren ardatz egituratzaile eta erreferente nagusi gisa, Europako estandarrekin parekatze aldera.
Orain, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean apustu horren aldeko hainbat hezkuntza-eragileren agerraldi bikainak entzun berriak direnean eta laster legebiltzarkideen arteko eztabaida hastera doan honetan, badago oraindik itxaropena, proiektua babesten dutenek behingoz begiak zabalduta, elefante dual eta segregatzaileari aurrez aurre begira diezaioten. Onarpen horretatik bakarrik zuzendu ahal izango da gure hezkuntza-anomalia, eta pixkanaka bada ere, baina urrats sakonak eginez, euskal eskola publikoa nagusi izango den eredu berri baterantz abiatzea.
Eli Lamarka Iturbe eta Jon Moñux Agote-Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideak